Zinemastea

iCOFF-Gasteiz Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere laugarren edizioa beteko du maiatzaren 5etik 10era Vital Fundazioa Kulturunean. Vital Fundazioak antolatuta eta Gasteizko Udalaren laguntzaz, jaialdiak berrikuntza garrantzitsuak dakartza aurten, hala nola Bagare saila, bat-bateko film laburren maratoia (ICOFF-ARIN) eta euskal film laburren merkatua.

Sail ofizialean ez dauden film labur arabarrentzako plataforma bat eskainiko du Bagare sailak. Horien emanaldia maiatzaren 8an izango da, 17:00etan. Bestalde, ICOFF-ARIN maratoiak sortzaile gazteak bilduko ditu jaialdiak dirauen bitartean, pieza laburrak ekoitzi eta erakusteko. Horien emanaldia maiatzaren 9an izango da. Egun bat geroago, formatu txikiko zinema profesionalen topagune izango da euskal film laburren merkatu sortu berria.

Sonia Pacios eta Kepa Sojo zuzendarikide dituen jaialdiak 915 lan jaso ditu, eta horietatik 30 Ofiziala sailerako aukeratu dituzte. Sail horrek egunero izango ditu emanaldiak, 19:30ean, eta ondoren solasaldiak egileekin. Honako hauek dira epaimahaikideak: Norma Vila zinemagilea, Miguel Parra kazetari eta zuzendaria eta Gemma Martínez aktorea.

Programazioan zinemagile ezagunen lanak izango dira ikusgai, hala nola Mabel Lozano, Javier Fesser, Daniel Sánchez Arévalo, Koldo Almandoz eta Juanjo Giménez Peña Canneseko irabazlearenak. Gainera, Arabako bost film labur Ofiziala sailaren parte izango dira, jaialdiak tokiko talentuarekin duen konpromisoa berresteko.

Sarrerak eta abonamenduak hementxe daude eskuragarri: Vital Fundazioaren webgunean eta bere egoitzan, Kordoi Etxean (Aiztogile kalea 24, Vitoria-Gasteiz). Informazio gehiago: www.icoffgasteiz.com