Zinemastea

Vital Fundazioak antolatutako Euskal Dokumentalaren XI. Astea astelehenean hasiko da, eta ostiralera arte iraungo du, euskal profesionalek zuzendutako iazko dokumental onenen emanaldiaren eskutik. Egunero, 19:30etik aurrera, Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, 1. solairua, Dendaraba, Vitoria-Gasteiz), emanaldiak izango dira, eta jarraian, solasaldiak, eta zuzendari eta protagonista guztiek baieztatu dute bertan izango direla. Sarrera doan da eta eserlekuak bete arte izango da sartzeko aukera.

Gaizka Urresti zuzendaria ‘Eloy de la Iglesia, adicto al cine' dokumentalaren aurkezpenean izango da astelehenean. Zinema zuzendari ausart baten historia da lan hori, trantsizioaren alderik ilunenaren kronista izan eta drogazaletasunaren infernuetan erori zena.

Alvaro Larrory, zuzendaria, eta Galder Izagirre, Berri Txarrak taldeko bateria-jotzailea izan zena, izango dira asteartean ‘Bailando a golpes’ zinta aurkeztuko dutenak. Lan horretan, banda baten taupadatzat jotzen den instrumentuan aritzen direnen bizitza erakusten da: baterian. 

Euskal Dokumentalaren Astearen erdialdean, Anuska Ariztimuño zuzendariak eta Mikel Erentxunek ‘Hombre bala' dokumentalaz hitz egingo dute. Erentxun abeslariaren 60 urteko bizitzari, lau hamarkadako ibilbide musikalari eta bikotekidearekin izandako 25 urteko harremanari buruzko lana.

Ostegunean, ‘Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' lanari buruzko solasaldian, lan horren talde teknikoko batzuek hartuko dute parte. Inge Mendioroz zuzendariak, Idoia Garzes gidoilariak eta Ritxi Lizartza ekoizleak, zuri-beltzeko argazki zaharretan izoztuta geratu den baina euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea den abeslariaren historiaren nondik norakoak azalduko dituzte. 

Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zuzendariak izango dira Euskal Dokumentalaren Asteko azken hitzorduko protagonistak. Bertan, ‘Itoiz, udako sesioak' lana ikusiko da, talde ikoniko horren buru Juan Carlos Perezek taldea bere unerik gorenean desegiteari buruz egindako hausnarketa.

‘Dokumental onena' saria 

Euskal Dokumentalaren Asteko emanaldietara bertaratzen direnek egunero izango dute bozkatzeko aukera, edizio honetako ‘Dokumental Onena' saria erabakitzeko. 

Vital Fundazioak larunbatean, urriak 25, jakinaraziko du epaia, eta entrega, iaz egin zen bezala, ZINEMASTEAren amaiera ekitaldian egingo da, 2026ko urtarrilean.